“Berbalagunak euskaraz aritzeko aukerak zabaldu dizkie herritar askori”
Ikasturte hasierarekin batera Berbalagun talde berriak sortu dira; zenbat daude aurten Sestaon?
Nahiz eta talde batzuek urteak daramatzaten elkarrekin, urtero sortzen dira talde berriak. Aurten, momentuz, 6 talde dauzkagu: horietatik lau talde arruntak dira, bat Gurasolagun taldea eta beste bat Irakurzale taldea. Hala ere, baliteke talde berriak sortzea, oraindik izenak jasotzen ari garelako.Kide kopuruari dagokionez, 60 bat lagunek eman dute izena orain arte.
Zertan datzate zehazki talde hauek eta zer ekintza antolatzen ditu Berbalagunek?
Astean ordubetez elkartzen dira bere taldekideekin euskara praktikatzeko eta beraiek erabakitzen dute zer egunean elkartu, zer ordutan eta non. Dinamiza-tzaileok taldeen segimendua egiten dugun arren, taldeak guztiz autonomoak dira, euskara presiorik gabe erabiltzeko guneak. Taldeez gain, Berbalagunek ekintzak ere antolatzen ditu: tailerrak, hitzaldiak, txangoak, mintzodromoak... Gure ekintzetan parte hartzeko, gainera, ez da beharrezkoa Berbalaguna izatea, baldintza bakarra euskalduna izatea da.
Zer onura ekartzen die parte hartzaileei?
Abantailak anitzak dira. Parte hartzaile batzuk euskara ikasleak dira, eta euskaltegian ikasten dutena praktikan jartzen dute Berbalaguni esker, beraz, ikasitakoa ez ahazteko modu bat da beraientzat. Beste batzuek, ordea, euskara ondo dakite eta euskaraz bizitzeko gogoa dute; horiei euskal harreman-sareak handitzen dizkie Berbalagunek, herriko euskaldunak ezagutzeko aukera ematen die. Seme-alabekin hizkun-tza-ohiturak aldatu nahi dituzten gurasoentzat ere onuragarria da Berbalagun; umeak, gurasoak euskaraz entzutean, konturatzen direlako euskara ez dela bakarrik eskolako hizkuntza. Abantailen zerrenda bukaezina da.
Ikasturtea hasita izena ematea posible da?
Bai, jakina! Iraila-urrian izen-emate handiena jasotzen badugu ere, edozein momentutan etor daiteke Berbalagunera. Horretarako 678422521 telefonora WhatsAppa edo sestao_berba@aek.eus helbidera emaila idatzi. Bertan parte hartzea doakoa da.
Azken urteotan sestaoar euskaldun kopurua handitu dela nabari duzue??
Handitzea nabaritu baino, konexioa nabari dugu; Sestaon euskaldunak egon badaude, biztanleriaren %18,65 da euskalduna gure herrian, baina askok ez zuten elkar ezagutzen, beraz, hizkuntza erabiltzeko aukera gutxiago zeukaten. Berbalagunek herriko euskaldunak harremanetan jartzen dituenez, euskaraz aritzeko aukerak zabaldu dizkie herritar askori.
Zer mezu helarazi nahi diezu sestaoar euskaldunei euskara erabiltzeko eta egunerokotasunean praktikatzeko garrantziari buruz?
Edozeini esango nioke euskara barik ez garela; euskara ikasleei esango nieke ikasteko egin duten lan handiak fruituak eman ditzan, eta fruituak gal ez daitezen, erabili beharko dutela; gurasoei esango nieke euskara transmititzea dela seme-alabei eman diezaieketen oparirik ederrenetakoa.