Korrikaren 23. edizioa martxoaren 21ean iritsiko da Sestaora
Hainbat ekintza antolatu dira egunaz gozatzeko eta euskararen aldeko lasterketa 21:52etan igarako da herritik zehar
Tipi-tapa tipi-tapa Korrika! Euskararen aldeko lasterketa berriro da hemen.
1980tik egiten den bezala, aurten ere ospatuko da Korrika. Euskal Herri osoan zehar euskararen aldeko ekimen erraldoia da Korrika. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta AEKren eguneroko lana bultzatzea ditu helburu, besteak beste.
Martxoaren 14an hasita, hamalau egunez eta 10 gauez zeharkatuko du Euskal Herria 23. aldiz; 2.500km euskararen alde, milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe. Aurten, Irundik abiatuko da eta Baiona izango du helmuga, ‘Harro Herri’ lelopean.
Aurtengo omendua Azterketak Euskaraz kolektiboa izango da. Baxoa eta Brebeta probak (Iparraldeko selektibitatea) euskaraz egiteko borrokan ari diren ikasleak dira kolektibo horretako partaideak. Euskara da haien aldarria, Korrikarena bezalaxe; beren ikasketen une erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egiten dute.
Mezu hori zabaltzeko, kilometroz kilometro pasako da lekukoa eskuz esku. Baina ez da hori aukera bakarra lagun-tza eskaintzeko, badago beste makina bat modu; diru aportazioak eginez, korrikaren berri emanez eta haren ospea zabalduz, Korrikan bertan parte hartuz, edo kilometroa erosiz.
Sestaora martxoaren 21ean helduko da, eta hainbat ekintza antolatu dituzte egunaz goza-tzeko: 18:00etatik 20:00etara tailerrak eta gazte disko festa euskalduna egongo da Gaztelekuren eskutik San Pedro plazan, 18:30ean buru handiak aterako dira Víctor Miranda Parketik (Las Llanas Kiroldegi ondoan) eta 18:30etatik 20:30etara diskofesta euskalduna izango da. Gainera, kale animazio euskalduna eta kantu poteoa ibiliko da herrian zehar motorrak berotzen.
21:52ean Korrika iritsiko da Sestaora. Aurten Kaikuko errotondan hartuko dute lehen kilometroa, Kueton aldapan gora egin eta Sestao zeharkatu ondoren, Portugaletera abiatuko da Azetatik.
Txikienek ere izango dute haien egun handia; martxoaren 19an Korrika txikia izango dute Sestaon. Goizeko 10etan hasi eta 11k arte kalean gora, kalean behera arituko dira hainbat eskolatako umeak eta gero Kasko plazan elkartuko dira Korrikaren mezua zabaltzeko.
Ekintza ugari antolatu dira eta ez dago aitzakiarik aurtengo Korrikan parte ez hartzeko.